GABON-OPARIRIK ONENA
Zein ote da gabon-oparirik onena? Eta oparirik bitxiena? Anakondentzako galtzerdiak? Zorrientzako orrazia (zorriei orrazkera polittak egitekoak)? Brokoli urdina? Barbie arrain-saltzailea (usainduna)? Edo. Agian, …gure nahirik txoroena betetzea?
Ipuin hauetako protagonistek oso opari bitxiak jasoko dituzte gabonetan. Eta ez zaizkie batere gustatuko. Gainera, harrigarria bada ere, mezu bat eramango dute opariok: “Hau da zure gabonsaria. Asmatu zergatik jaso ote duzun eta orduan oparirik onena bihurtuko da.”
Maite Franko (Irun-Hondarribia, 1971), txipiroi-arrantzale eta lehorreko lamia baten zazpigarren alaba da. Antzerkigintza, irakaskuntza, bikoizketa eta literaturaren ur handietan oinak bustitakoa dugu, kontalari gisa 20 urte bete berritan 4.000 saio baino gehiago eskainiz. Bertan, ahoz aho ibilitako ipuinak, argitaratutakoak zein egileak berak sortutakoak jolas, asmakizun eta dramatizazioekin nahasten dira, barruan umore, misterio, “mezu positiboak” eta kresala ugari daramatzatelarik. Bestaldetik, ipuinak aitzakia, hainbat hezkuntza programa sortu eta eskolaz eskola dabil lanean. Eta tartetxoren bat duenean, oparipuinak, idatzi ere egiten ditu. Telebistan eta irratian ere jarduten du, tarteka baina oso gustura, ipuinen unibertsoa mugagabea delako.
5 urtetik gora.
Euskaraz.